Aldizkariari buruz

  • ISSN: 0210-1564 (inprimatutako bertsioa)
  • ISSN: 2792-2278 (bertsio elektronikoa)
  • Aldizkariaren izenburua: Euskera Ikerketa Aldizkaria
  • DOI: 10.59866/eia
  • Gako-izenburua: Euskera (Internet)
  • Izenburua aldizkariaren jatorrizko alfabetoz: Euskera Ikerketa Aldizkaria
  • Materia: Filologia, Hizkuntzalaritza
  • Erakunde sustatzailea: Euskaltzaindia
  • Argitaratzailea: Euskaltzaindia
  • Maiztasuna: Seihilabetekaria
  • Argitaratze datak: 1. alea, martxoa-apirila; 2. alea, iraila-urria
  • Baliabide-mota: Aldizkaria
  • Hizkuntzak: Euskara, espainiera, frantsesa eta ingelesa
  • Herrialdea: Espainia (Euskal Herria)
  • Bitartekoa: Sarean

Aldizkariari buruzko xehetasunak

Euskera Ikerketa Aldizkariak Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak jasotzen ditu, eta paperean eta euskarri elektronikoan argitaratzen da. Euskera Ikerketa Aldizkariaren aurrekari gisa, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala izan da 1920. urtetik 2022ra bitartean.

Euskaltzaindia, euskararen akademia, sortu eta berehala zeregin handietan sartu zen euskarari buruz, eta hori Gerra Zibilaren aurreko aldian ongi islaturik ageri da agerkarian. Espainiako Gerra Zibilak (1936-1939) eta ondorengo diktadurak debekua ekarri zuen. Ondorioz, agerkaria hainbat urtetan ez zen argitaratu. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, nazioarteko aldaketaren ondorioz, Euskaltzaindia, arian-arian, ekimen berriak sustatzen hasi zen eta, 1956tik aurrera, Euskera agerkaria berriro argitara ematen hasi zen. Arantzazuko Biltzarretik (1968tik) aurrera Euskaltzaindiak erabaki ugari hartu zituen lexikoan, fonologian, gramatikan eta onomastikan. Arau, erabaki, irizpen eta gomendio horiek Euskera agerkarian agertuz joan dira.

Espainiako Erresumak Euskaltzandia 1976an Errege Akademia gisa onartu zuen. 1979an Euskadiko Autonomia Estatutua aldarrikatu zen eta, 1982an, Nafarroako Foruaren Hobekuntza Legea. Testuinguru sozial horretan, Akademia ofizialtasuna eta errekonozimendua lortuz joan zen eta horrek eragin zuzena izan zuen haren agerkarian. Hartara, 1980an “Aurkibidea (1920-1979)” osatu eta argitaratu zen, aro bat markatuz eta agerkariarentzat aldi berri bat nolabait iragarriz. Euskaltzaindiaren jardun akademikoa ugaltzen zihoan eta Arrasateko 1979ko eta Iruñeko 1984ko Biltzarrek garrantzi handia izan zuten, bertara euskal gramatikako arlo askori buruzko lanak aurkeztu baitziren. Horiek Euskera agerkarian argitara ematean, Euskaltzaindiak, berriz ere, darabilen normaltze- eta arautze-lana noraino heltzen zen erakutsi zuen.

XXI. mendeko lehen hamarkadaren hondarrean, Euskera agerkaria berriztatu egin zen eta kalitate zein homologazio irizpideetan urrats batzuk egin ziren, batik bat, garaiko aldizkari zientifikoen esparruko estandarizazio mailetara egokitzeko. Idazketa Batzordea (2009) eta Aholku Batzordea (2010) eratu ondoren, LATINDEX katalogoan indexatu eta datu-base batzuetan (ISOC, DIALNET, INGUMA, ESCI) onartua izan da, bai eta lau hizkuntzatan erabiltzeko aukera eskaini ere (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa), euskal kulturaren esparruan erreferentziazko aldizkaria izateko xedearekin. Aro berri honetan murgilduak agerkariaren hedadura suspertzeko ekimenak egin ziren. Dagoeneko berrehun ikerketa artikulutik gora argitaratuak dira eta euskal hizkuntzaren ikasketetan erreferente diren askoren sinadurak ikus daitezke.

2023tik aurrera bi argitalpen dira: batetik, Euskera Ikerketa Aldizkaria, eta, bestetik, Euskaltzaindiaren buletina. Lehenak, Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak jasotzen ditu, eta paperean eta euskarri informatikoan argitaratzen da. Bigarrenak Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu eta modu elektronikoan argitaratzen da.

Euskera Ikerketa Aldizkariak bi zenbaki argitaratzen ditu urtero: lehena martxo-apirila inguruan (urtarrila-ekaina aldiari dagokiona) eta bigarrena iraila-urrian (uztaila-abendua aldikoa). Ikerketa artikuluak argitaratzeko, Idazketa Batzordeak, anonimotasuna bermatuz, kanpo ebaluatzaileen iritzia jasoko du PEER REVIEW itsu bikoitza sistema erabiliz.

Lan-esparrua eta estaldura

Euskera Ikerketa Aldizkaria sei hilero argitaratzen da, kanpo adituen azterketa bikoitza erabiltzen du eta bere helburu nagusia lan zientifiko eta akademiko originalak argitaratzea da. Hauek dira aldizkariaren lan-esparru nagusiak:

  • Euskal Dialektologia
  • Euskal Filologia
  • Euskal Gramatika
  • Euskal Lexikografia / Lexikologia
  • Euskal Onomastika
  • Euskararen Fonetika eta Fonologia
  • Euskararen Historia
  • Euskararen Semantika eta Pragmatika
  • Hizkuntzalaritza orokorra
  • Hizkuntzaren arautzea
  • Hizkuntzaren irakaskuntza
  • Hizkuntzaren normalizazioa
  • Itzulpengintza
  • Jurilinguistika eta hizkuntza-zuzenbidea
  • Literatura
  • Soziolinguistika
  • Teknologia berriak eta hizkuntza
  • Zientzia arloetako euskara teknikoak

Ikerketa arlo hauekin zerikusia duten txostenak eta dokumentuak ere argitaratu ahal izango dira. Halaber, euskararekin harremanetan dauden beste diziplina batzuetako lanak argitara daitezke, Historia, Zuzenbidea, Antropologia, Arkeologia eta Soziologia, kasurako. Argitara ematen diren testu horien bidez, Euskera Ikerketa Aldizkariak euskararen eta euskal kulturaren adierazpide diren jakintzak eta baloreak zabaldu eta transmititu nahi ditu.

Argitaratzeko hizkuntzak

Artikuluak, oharrak, txostenak eta iruzkinak Euskal Herriko mundu akademikoan erabiltzen diren hizkuntzatan argitaratuko dira. Beren-beregi euskaraz argitaratzea sustatuko da, baina ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez idatzitako lanek ere lekua izango dute. Horietatik kanpo beste hizkuntzaren batean idatzitako artikulua iritsiko balitz, Idazketa Batzordeak erabakiko luke onartu ala ez.

Sarbide irekia eta egilearen eskubideak

Euskaltzaindiaren helburua euskararen ezagutza eta ikerketa sustatzea da eta horretarako Euskera Ikerketa Aldizkariaren edukietara berehalako sarbide irekia eta doakoa eskaintzen du. Jakintza hori hedatzeko asmoz, Euskera Ikerketa Aldizkaria Open Acces (OA) aldizkari-mugimenduari atxikita dago eta hala, bere eduki guztiak nazioko zein nazioarteko hainbat indize, biltegi eta datu-basetara helarazten ditu, OAk ezarritako protokoloari jarraituz. Beraz, egileak aldizkarian lan bat argitaratzeko bidaltzen duenean, berariaz onartzen du banaketa metodo hau: Creative Commons lizentzietan jasotakoa, hain zuzen.

Euskera Ikerketa Aldizkaria Creative Commons lizentzien sistemaren barruan argitaratzen da, «Aitortu-EzKomertziala» (BY-NC) deritzon modalitateak ezarritakoari eutsiz. Hau da, lan eratorriak sortzea baimenduta dago, beti ere lanon erabilera komertzialik egiten ez bada. Jatorrizkoa ere ezin da helburu komertzialetarako erabili. Horrela, egileak bere lana Euskaltzaindiari helarazten dioenean, berariaz onartzen du edizio- eta argitalpen-eskubideen lagapen hori. Apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren kalterik gabe eta berorren edukiarekin bat eginez, egileak, bere artikulua Euskera Ikerketa Aldizkarian argitaratua izan dadin, Euskaltzaindiari egungo edo etorkizuneko edozein euskarritan (paperezkoan edo elektronikoan) lana zabaltzeko, erreproduzitzeko, komunikatzeko eta banatzeko eskubideak lagatzen dizkio, dohainik, modu ez-esklusiboan eta denbora-mugarik jarri barik.

Egindako eskubide-lagapenaren kalterik gabe, egileak aditu parekideen berrikuspenaren osteko azken bertsioa edo editorearen azken bertsioa autoartxibatzeko eskubidea du, edozein euskarritan dela, sarbide irekiko biltegi instituzionaletan eta autoartxibo-plataformetan; ahal denean, Euskera Ikerketa Aldizkariak bere plataforman argitaratutako dokumentu horretarako esteka ere eskainiko du. Nolanahi ere, egileak lana argitaratu baino lehen, eskubide-lagapenari dagokion dokumentua sinatzeko konpromisoa hartzen du; dokumentu hori eredu honen berdin-berdina da.

Finantzaketa eta argitalpen-gastuak

Euskera Ikerketa Aldizkaria Euskaltzaindiaren aurrekontutik soilik finantzatzen da, eta egileei ez die kobratzen artikuluak argitaratzeagatik (Article Processing Charges, APCs), ezta beste edozein kontzepturengatik ere.

Plagioaren aurkako politikak

Egilearen ardura da, bere lanetan jasotako informazioa originala dela bermatzea, eta ez dela kopiatua, asmatua, desitxuratua edo manipulatua izan; egiletasun partekatuaren kasuetan adostasuna izan dela ziurtatzea ere egilearen ardura da. Plagioa, ager litekeen itxura eta adierazpen orotan, ez-etikotzat hartzen da eta horregatik testuak hasieratik baztertzeko edo, behin argitaratu ondoren, eurotan plagioa dela antzemanez gero, dauden leku guztietatik kentzeko arrazoi izango da. Erredakzioan jasotako testuei, originalak direla bermatzeko, besterekiko antzekotasun-azterketa egin ahal izango zaie, Turnitin programaren bidez. Originaltasun falta dela-eta artikulua onartzen ez bada, horren egilea jakinaren gainean jarriko da, txosten baten bitartez. Ez dago gehienezko antzekotasun-kopururik zehaztuta, editoreek, antzekotasun-txostenean esandakoa oinarri harturik, erabakiko dute artikulua onartu edo onartu ez.

Artxibo- eta kontserbazio-politikak

Gordetzea. Aldizkari hau argitaratutako aleak digitalki gordetzeko, Public Knowledge Project’s Private LOCKSS Network (PKP-PLN) izeneko ekimenaren barruko PKP Preservation Network (PN) deritzon protokoloaz baliatzen da. Argitaratutako ale berri bakoitza automatikoki transferitua da eta, balioztatu ostean, artxibaturik geratzen da. Halaber, zenbaki historikoak ere sartzen doaz, berrikusiak izan ahala. PKPk etenik gabeko sarbide iraunkorra eskaintzen du eta edukiaren jatorrizko benetako bertsioa gorde.

LOCKSS eta CLOCKSS. Aldizkariak LOCKSSerako (Lots of Copies Keep Stuff Safe) sortutako OJS euskarria ere erabiltzen du.

Bestalde, Euskaltzaindia Euskera Ikerketa Aldizkariaren gordetzailea da eta berorren artxiboa mantentzen du, baita fitxategiak zaindu ere, Espainiako Herri-administrazioaren alorrean informazioa zaintzeari buruzko indarrean den legedian ezarritakoari eutsiz, azaroaren 18ko 1708/2011 Errege Dekretuaren 21. artikuluaren arabera («Informazio- eta komunikazio-teknologien aplikazioa dokumentuen kudeaketan eta tratamenduan»).

Autoartxiboa. Autoartxibo-politikei dagokienez, Euskera Ikerketa Aldizkariak egileari/egilekideari post-printa artxibatzeko aukera ematen dio (adibidez, aditu parekideen berrikuspenaren osteko azken bertsioa) edo editorearen azken bertsioa (PDF).

Fitxategien formatuak. Euskera Ikerketa Aldizkaria bertsio elektronikoan argitaratzen da gaur egun. Edukiak zabalago hedatzeko eta irakurtzeko gailuekin bateragarritasun handiagoa izateko, egun hurrengo formatu hauetan banatzen da: PDFn eta EPUBn.

Elkarreraginkortasun- protokoloak

Euskera Ikerketa Aldizkariak elkarreraginkortasun-protokoloak bere egiten ditu, bere edukiak beste banaketa-sistema batzuek jasoak izan daitezen ahalbidetzeko. Horrela, Dublin Core metaetiketak baliatzen ditu, bai aldizkariaren hasierako orrian, bai artikuluetan. OAI-PMH (Open Archives Initiative-Protocol for Metadata Harvesting) izeneko protokoloa, Interneten metadatuak transmititzeko erabiltzen da. Interneten edukien elkarreraginkortasuna erraz dezaketen estandarrak garatzeko helburuarekin sortu zen, hartara metadatuak modu askoz samurragoan eta eraginkorragoan biltzeko aukera ematen dela.

2024. urteko argitalpen-jardueraren estatistikak

Eskuizkribuak: tasak

  • Jasotako eskuizkribuak: 14
  • Azterturiko eskuizkribuak: 14
  • Argitaraturiko eskuizkribuak: 14
  • Onarturiko eskuizkribuak: 14
  • Onartu gabeko eskuizkribuak: 0
  • Kanpo-ebaluaziorik gabeko eskuizkribuak: 2
  • Egiletzak: 16
  • Egileak orotara: 21
  • Egile bakarreko lanak: 12
  • Elkarlanean egindako lanak: 4
  • Egilekide-tasa artikuluko: 1,31
  • Nazioartekotasun-tasa: sinatzen duten egileen herrialdeak: 2

Aztertzaileak

  • Erabilitako aztertzaileak orotara: 24
  • Estatu mailako azterketak: 22
  • Nazioarteko azterketak: 2

Eskuizkribuak: kudeaketa

  • Eskuizkribuak ebaluatzeko batez besteko denbora: 35 egun
  • Eskuizkribuak onartzeko batez besteko denbora: 40 egun
  • Artikuluak argitaratzeko batez besteko denbora (hau da, eskuizkribuak jaso, onartu eta argitaratu arte behar izandako denboraren batezbestekoa): 61 egun
  • Proiektuen, erakundeen eta abarren ardurapean jasotako finantzaketa aitortzen duten eskuizkribuak: 9

2023. urteko argitalpen-jardueraren estatistikak

Eskuizkribuak: tasak

  • Jasotako eskuizkribuak: 15
  • Azterturiko eskuizkribuak: 15
  • Argitaraturiko eskuizkribuak: 13
  • Onarturiko eskuizkribuak: 13
  • Onartu gabeko eskuizkribuak: 2
  • Kanpo-ebaluaziorik gabeko eskuizkribuak: 4
  • Egiletzak: 13
  • Egileak orotara: 20
  • Egile bakarreko lanak: 10
  • Elkarlanean egindako lanak: 3
  • Egilekide-tasa artikuluko: 1,53
  • Nazioartekotasun-tasa: sinatzen duten egileen herrialdeak: 2

Aztertzaileak

  • Erabilitako aztertzaileak orotara: 22
  • Estatu mailako azterketak: 22
  • Nazioarteko azterketak: 0

Eskuizkribuak: kudeaketa

  • Eskuizkribuak ebaluatzeko batez besteko denbora: 42 egun
  • Eskuizkribuak onartzeko batez besteko denbora: 68 egun
  • Artikuluak argitaratzeko batez besteko denbora (hau da, eskuizkribuak jaso, onartu eta argitaratu arte behar izandako denboraren batezbestekoa): 94 egun
  • Proiektuen, erakundeen eta abarren ardurapean jasotako finantzaketa aitortzen duten eskuizkribuak: 3