Argitalpen politika
Euskera Ikerketa Aldizkariak Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, oharrak, txostenak eta liburu-aipamenak onartzen ditu, eta zenbakian adierazten den urtean argitaratzen da. Ikerketa-artikuluak argitaratzeko, Idazketa Batzordeak, anonimotasuna bermatuz, kanpo ebaluatzaileen iritzia jasoko du PEER REVIEW itsu bikoitza sistema erabiliz. Aurkeztutako lanak originalak izan behar dira, berriak eta argitaratu gabekoak, ahal dela azterketak eta ikerketa-artikuluak, baina lekua izango dute txostenak, aldizkariaren berezko gaiak, edo denetariko lanek ere. Halaber, Idazketa Batzordeak liburu-aipamenak eta saiakera bibliografikoak onartzen ditu. Argitaratzeko jasotzen diren lanek hautaketa prozesu bat jarraitzen dute. Kalitate irizpide zorrotzak erabiltzen dira eta ebaluazio-lana aldizkaritik kanpoko aditu espezializatuek egiten dute.
Lanen originaltasunari eta aurkezpenari buruz, honako puntu hauek aintzat hartu behar dira:
- Berria eta gaur egunekoa izatea. Bi aldetatik esanguratsua: batetik, emaitzak arazo zehatzak konpontzeko aplikagarriak izatea eta bestetik, ezagutza zientifikoaren aurrerapenerako baliagarriak.
- Fidagarritasuna eta balio zientifikoa agertzea. Alegia, kalitate metodologiko frogatuaz baliatzea.
- Aurkezpenari begira, idazketa zuzena (argia, laburra, zehatza), antolaketa ona (koherentzia logikoa) eta materialaren garatze egokia erakustea.
- Eskuizkribuak igortzean, egilea esaten ari da, aldizkariaren lanak aurkezteko prozedurak ezagutzen eta onartzen dituela eta, halaber, Euskera Ikerketa Aldizkariaren argitalpen-prozedura onartzen duela. Idazketa Batzordea ez da egileek beren lanetan adierazi dituzten emaitzen, adierazpenen, iritzien eta ikuspuntuen erantzule izango
Bestelako puntu hauek ere kontuan hartu behar dira:
- Sinatzen duten egileek lanean modu esanguratsuan parte hartu dutela adierazi behar dute. Egin duten lanaren zatiaren ardura bere gain hartu behar dute, eta besteena den zatia, nortzuek egina den adierazi eta horien gaitasuna eta zintzotasuna bermatu behar dute.
- Egile gisa ageri ez diren kolaboratzaileak, baina eskuizkribua prestatzen, modu batera edo bestera, lagundu dutenak, Esker ona atalean ager daitezke. Atal horretan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek aipamen hori ezagutu eta onartu beharko dute. Prozedura horren kudeaketa egileei dagokie.
- Copyright. Euskera Ikerketa Aldizkariak Creative Commons Aitortu-Ez Komertziala 4.0 Nazioarteko lizentziarekin bat egiten du (CC-BY-NC), hau da, egileek beren egile-eskubideak mantentzen dituzte eta ez dute onartzen jatorrizko lanaren edo balizko lan eratorrien erabilera komertzialik. Halere, beti aipatu behar da, lehenbizi, Euskera Ikerketa Aldizkarian argitaratu dela, sarbide irekiko sistemen bidez zabaltzea onartuz eta nazioarteko komunitate zientifikoak eta gainerako gizarteak edukiak erabiltzea ahalbidetuz.
- Interes-gatazka. Egileek lanaren edukian eragina izan dezakeen edozein interes-gatazka, profesionala, pertsonala, finantzarioa edo bestelakoa dela, deklaratu beharko dute. Eskuizkribua osorik edo bere edukiaren zati bat, aurretik, edozein komunikazio-euskarritan argitaratua izan balitz, aldizkariko Idazketa Batzordeari jakinarazi beharko litzaioke, argitaratutakoaren kopia emanez.
- Finantzaketa. Lanak finantzaketa partziala edo osoa izan badu, erakunde publiko edo pribatu baten eskutik, halaxe dela adierazi beharko da bai aurkezpen-gutunean, bai eskuizkribuaren testuan.
- Argitaratutako materiala erreproduzitzeko baimenak. Egileen erantzukizuna da copyright edo erreprodukzio eskubideek babestutako edozein material erreproduzitzeko beharrezko baimen guztiak lortzea.
Jarraibide etikoak eta baldintzen onarpena
Lan bat argitaratzeko onartzeak berez dakar egileak aldizkariari eskubideak lagatzea (ustiapen eskubideari dagokionez). Ez dira onartuko jada argitaratutako lanak edo beste aldizkari edota gordailu digital batzuetan argitaratzeko onartuak daudenak. Egileak bere lana nahi bezala zabal dezake aldizkari honetan argitaratu eta hiru urte igaro ondoren. Hori egitean, Euskera Ikerketa Aldizkarian aldez aurretik nola argitaratu den zehatz-mehatz aipatu behar du, urtea adieraziz eta artikulua argitaratu den aldizkariaren zenbakia eta aldizkariaren webgunerako esteka ere gehituz.
Argitaratzailearen betebeharrak
Argitaratze-erabakiak. Lan bakoitzaren balioa eta ikertzaileentzat eta irakurleentzat duen garrantzia izango dira beti erabaki horiek hartzeko irizpideak. Idazketa Batzordeak gidari izango ditu une bakoitzean irainen, copyright arau-hausteen eta plagioaren inguruan indarrean diren lege-xedapenak. Idazketa Batzordeak beste ebaluatzaile batzuei kontsulta egin ahal izango die erabakia hartzeko.
Joko garbia. Idazketa Batzordeak, eskuizkribuak ebaluatzean, eduki intelektualean jarri behar du arreta, edozein direla ere egileen arraza, generoa, sexu-orientazioa, erlijio-sinesmena, jatorri etnikoa, herritartasuna edo filosofia politikoa.
Konfidentzialtasuna. Idazkari teknikoak eta Idazketa Batzordeko kideek ez diote jasotako eskuizkribuei buruzko informaziorik emango, egilea, ebaluatzailea, ebaluatzaile izateko hautagaia edo argitalpen-aholkularia ez den beste inori.
Zabalkundea eta interes-gatazkak. Aurkeztutako eskuizkribuetan jasotzen den material argitaragabea ezin izango da erabil Idazketa Batzordeko kideen ikerketetan, egilearen berariazko idatzizko baimenik gabe behintzat. Informazio pribilegiatua edo kide ebaluatzaileen bidez lortutako ideiak konfidentzialtasunez tratatu behar dira eta ez dira norberaren onurarako erabili behar. Idazketa Batzordeko kideek uko egin behar diote interes-gatazkak sortzen dizkieten eskuizkribuak aztertzeari (argitarazle kideari edo Argitalpen Batzordeko beste kide bati eskatu behar liokete berrikuspena egin eta erabakia har dezala); hau da, ez dituzte eskuizkribuak aztertu behar, baldin eta egileekin, enpresekin edo ikerketa-artikuluei lotuta egon daitezkeen erakundeekin lehia, lankidetza edo beste mota bateko harremana edo lotura badute. Halaber, kolaboratzaile guztiei gauza bera eskatu behar zaie.
Aldizkariak gehigarririk argitaratuko balu, ziurtatu egin behar da adituen ebaluazio-prozesua aldizkari nagusian erabiltzen den bera dela.
Azkenik, adituek ebaluatu gabeko atalak argi identifikatu behar dira.
Partaidetza eta lankidetza ikerketetan. Idazketa Batzordeko kideek, Euskaltzaindiarekin batera, neurri eraginkorrak hartu behar dituzte aurkeztutako eskuizkribu bati edo argitaratutako ikerketa-artikulu bati buruz kexa etikoak jasotzen direnean.
Ebaluatzaileen betebeharrak
Ekarpena argitaratze-erabakietan. Adituen ebaluazioek Idazketa Batzordeari lagundu egiten diote argitaratze-erabakiak hartzen, eta, egilearekin argitaratzearen inguruko komunikazioak gauzatuz, egileari ere laguntzen diote ikerketa-artikulua hobetzen. Adituen ebaluazioa funtsezko osagaia da komunikazio akademiko formalean; metodo zientifikoaren muina da. Euskaltzaindiaren aburuz, beste askoren iritziarekin bat eginez, argitalpenetan parte hartu nahi duten aditu guztiek dute ebaluazio horietan bidezko neurrian parte hartzeko betebeharra.
Konfidentzialtasuna. Ebaluatzeko jasotzen diren eskuizkribuak konfidentzialtasunez tratatu behar dira. Ez zaizkio eskuizkribuak inori erakutsi behar, ezta inorekin eztabaidatu ere, baldin eta Idazketa Batzordeak horretarako baimenik ematen ez badu behintzat.
Objektibotasun-arauak. Ebaluazioak objektibotasunez egin behar dira. Egileari kritika pertsonala egitea desegokia da. Epaile-lanak egiten dituztenek beren ikuspuntuak argi azaldu eta argudioen bidez babestu behar dituzte.
Iturriak aitortzea. Ebaluatzaileek identifikatu egin behar dituzte egileek aipatu gabe utzitako lan argitaratuak. Ohar, ondorio edo argudio bat lehendik azaldu dela adierazteaz gain, behar diren aipamenak aurkeztu behar dira. Ebaluatzaileak, baldin eta ebaluatzen ari den eskuizkribuaren, eta ezagutzen duen beste ikerketa-artikulu argitaratu baten artean antzekotasun nabarmenen bat aurkitzen badu, idazkari teknikoari ohartarazi egin behar dio.
Zabalkundea eta interes-gatazkak. Aurkeztutako eskuizkribuetan jasotzen den material argitaragabea ezingo da erabili ebaluatzailearen ikerketetan, egilearen berariazko idatzizko baimenik gabe behintzat. Informazio pribilegiatua edo kide ebaluatzaileen bidez lortutako ideiak konfidentzialtasunez tratatu behar dira, eta ez dira norberaren onurarako erabili behar. Ebaluatzaileek ez dituzte aztertu behar interes-gatazkak sortzen dizkieten eskuizkribuak, hau da, ez dituzte ebaluatu behar baldin eta egileekin, enpresekin edo ikerketa-artikuluei lotutako erakundeekin lehia, lankidetza edo beste mota bateko harremana edo lotura badute.
Egilearen betebehar etikoak
Datuetarako sarbidea eta datuak atxikitzea. Egileei eska dakieke ikerketa-artikulu bati lotutako datu landu gabeak aurkez ditzatela berrikuspen editorialerako, eta datu horietarako sarbide publikoa emateko prest egon behar dute, hala egin daitekeenean. Horrez gain, argitaratu ondoren, datu horiek zentzuzko epe batean atxikitzeko ere prest egon behar dute.
Originaltasuna eta plagioa. Egileek ziurtatu behar dute idazten dituzten lanak erabat originalak direla. Beste batzuen lana eta/edo hitzak erabiltzen badituzte, erreferentzietan edo aipuetan behar bezala jaso behar dituzte. Plagioak askotarikoak izaten dira: adibidez, beste baten ikerketa-artikulua egilearena balitz bezala aurkeztea, beste baten lanaren zati garrantzitsuak kopiatzea edo haren gaineko parafrasiak egitea (hari egile-izaera aitortu gabe), edota beste batzuek egindako ikerlanen emaitzak nork bere egitea. Plagioa, aldaera guztietan, jokabide ez-etikoa da argitalpenetan eta onartezina da.
Argitaratze anizkunak, errepikatuak edo bikoiztuak. Egileek, oro har, ez lituzkete aldizkari edo argitalpen nagusi batean baino gehiagotan argitaratu behar funtsean ikerketa bera deskribatzen duten eskuizkribuak. Eskuizkribu bat aldizkari batera baino gehiagotara aldi berean aurkeztea jokabide ez-etikoa da.
Egileek, oro har, ez lukete lehendik argitaratuta duten ikerketa-artikulua beste aldizkari batera proposamen gisa bidali behar. Ikerketa-artikulu mota batzuk (adibidez, itzulpenak) aldizkari batean baino gehiagotan argitaratzea justifikagarria da batzuetan, baldin eta zenbait baldintza betetzen badira. Aldizkariko egileak eta editoreak ados jarrita egin behar dira bigarren argitaratzeak (hala dagokionean). Lehen argitalpeneko erreferentziak, datu eta interpretazio berak jaso behar ditu bigarren argitaraldiak ere.
Iturriak adieraztea. Besteen lana behar bezala aitortu behar da beti. Egileek aipatu egin behar dituzte lanaren izaera zehaztean eragina izan duten argitalpenak. Modu pribatuan eskuratutako informazioa nola elkarrizketetan. Posta pribatuan edo hirugarren batekin izandako eztabaidan eskuratutako informazioa ez da erabili edo aipatu behar, baldin eta datuen iturriaren berariazko baimen idatzirik ez bada. Zerbitzu konfidentzialetan eskuratutako informazioa, hala nola eskuizkribuak epaitzeko lanetan edo beka-eskaeretan lortutakoa ez da erabili behar, baldin eta zerbitzu horietako lanaren egilearen berariazko baimen idatzirik ez bada behintzat.
Ikerketa-artikuluaren autoretza. Egileen artean, azterlana sortzen, diseinatzen, gauzatzen edo interpretatzen ekarpen garrantzitsua egin dutenak bakarrik sartu behar dira. Ekarpen garrantzitsua egin duten guztiak sartu behar dira egilekideen zerrendan. Ikerlanaren alderdi garrantzitsuetan parte hartu duen beste pertsonarik balego, horren lana ere aitortu egin beharko litzateke kolaboratzaileen zerrendan.
Artikulugileak ziurtatu behar du parte hartu duten egilekide guztiak sartuta daudela ikerketa-artikuluan. Horrez gain, ziurtatu behar du egilekide guztiek ikusi eta onetsi dutela ikerketa-artikuluaren azken bertsioa eta ados daudela argitaratzearekin.
Zabalkundea eta interes-gatazkak. Egile guztiek adierazi behar dituzte eskuizkribuetan izandako finantza arloko edo bestelako interes-gatazka garrantzitsuak, eskuizkribuaren emaitzetan edo interpretazioan eragina izan badezakete. Egitasmoak jasotako finantza-laguntzaren iturri guztiak adierazi behar dira.
Funtsezko akatsak argitaratutako lanetan. Egile batek argitaratu dioten lanean akats edo oker nabarmenen bat aurkitzen duenean, haren betebeharra da aldizkariaren editoreari edo argitaratzaileari berehala horren berri ematea, editorearekin batera ikerketa-artikulua atzera botatzeko edo zuzentzeko. Editoreak edo argitaratzaileak hirugarren batek adierazita jakiten badu argitaratutako lan batek akats nabarmenen bat duela, egileak ikerketa-artikulua berehala atzera botatzeko edo zuzentzeko betebeharra du, edo editoreari jatorrizko ikerketa-artikulua zuzen dagoela erakusten duten frogak aurkezteko betekizuna.