Kanpo adituen ebaluazio prozesua

Hautaketa prozesua

Hautaketa-prozesua ondoren azaltzen den prozedurari jarraituz egiten da:

  • Eskuizkribuen harrera: eskuizkribuen harrera webgunean gaituta dagoen plataforma bidez egingo da.
  • Eskuizkribua heldu ondoren, egileak mezu elektroniko bat jasoko du bidalketa iritsi dela esanez. Halaber, egilearekin harremanetan jarriko dira aldizkariaren arduradunak formatu-akatsak zuzentzeko edo egileentzako argibideetan zehazten diren baldintzak ongi betetzeko helburuarekin.
  • Eskuizkribuak bidaltzeak, ebaluatzeak eta, hala badagokio, argitaratzeak ez diote egileari inolako kosturik eragingo. Idazketa Batzordeak, egilearen anonimotasuna ziurtatzeko, eskuizkribua berrikusiko du eta haren identifikazio zuzena ahalbidetu dezaketen elementuak ezabatuko ditu.
  • Jasotako lanak, banaka, Idazketa Batzordeko kide batek aztertuko ditu. Lehenbizi, aldizkariaren araudiaren ildo editorialaren eta originaltasun zientifikoaren arabera. Jarraian, Idazketa Batzordea informatuko du. Edukiaren ikuspegitik, aldizkariaren estaldurarekin zerikusirik ez duten lanak baztertuko dira eta, halaber, testu akademikoaren egiturarik ez dutenak. Hautaketa-prozesua gainditzen ez duten lanen egileek hartutako erabakiaren berri justifikatua jasoko dute.

Lanen originaltasunari eta aurkezpenari buruz, honako puntu hauek aintzat hartu behar dira:

  • Berria eta gaur egunekoa izatea. Bi aldetatik esanguratsua: batetik, emaitzak arazo zehatzak konpontzeko aplikagarriak izatea eta bestetik, ezagutza zientifikoaren aurrerapenerako baliagarriak.
  • Fidagarritasuna eta balio zientifikoa agertzea. Alegia, kalitate metodologiko frogatuaz baliatzea.
  • Aurkezpenari begira, idazketa zuzena (argia, laburra, zehatza), antolaketa ona (koherentzia logikoa) eta materialaren garatze egokia erakustea.
  • Eskuizkribuak igortzean, egilea esaten ari da, aldizkariaren lanak aurkezteko prozedurak ezagutzen eta onartzen dituela eta, halaber, Euskera Ikerketa Aldizkariaren argitalpen-prozedura onartzen duela. Idazketa Batzordea ez da egileek beren lanetan adierazi dituzten emaitzen, adierazpenen, iritzien eta ikuspuntuen erantzule izango

Bestelako puntu hauek ere kontuan hartu behar dira:

  • Sinatzen duten egileek lanean modu esanguratsuan parte hartu dutela adierazi behar dute. Egin duten lanaren zatiaren ardura bere gain hartu behar dute, eta besterena den zatia, nortzuek egina den adierazi eta horien gaitasuna eta zintzotasuna bermatu behar dute.
  • Egile gisa ageri ez diren kolaboratzaileak, baina eskuizkribua prestatzen, modu batera edo bestera, lagundu dutenak, Esker ona atalean ager daitezke. Atal horretan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek aipamen hori ezagutu eta onartu beharko dute. Prozedura horren kudeaketa egileei dagokie.
  • Copyright. Euskera Ikerketa Aldizkariak Creative Commons Aitortu-Ez Komertziala 4.0 Nazioarteko lizentziarekin bat egiten du (CC-BY-NC), hau da, egileek beren egile-eskubideak mantentzen dituzte eta ez dute onartzen jatorrizko lanaren edo balizko lan eratorrien erabilera komertzialik. Halere, beti aipatu behar da, lehenbizi, Euskera Ikerketa Aldizkarian argitaratu dela, sarbide irekiko sistemen bidez zabaltzea onartuz eta nazioarteko komunitate zientifikoak eta gainerako gizarteak edukiak erabiltzea ahalbidetuz.
  • Interes-gatazka. Egileek lanaren edukian eragina izan dezakeen edozein interes-gatazka, profesionala, pertsonala, finantzarioa edo bestelakoa dela, deklaratu beharko dute. Eskuizkribua osorik edo bere edukiaren zati bat, aurretik, edozein komunikazio-euskarritan argitaratua izan balitz, aldizkariko Idazketa Batzordeari jakinarazi beharko litzaioke, argitaratutakoaren kopia emanez.
  • Finantzaketa. Lanak finantzaketa partziala edo osoa izan badu, erakunde publiko edo pribatu baten eskutik, halaxe dela adierazi beharko da bai aurkezpen-gutunean, bai eskuizkribuaren testuan.
  • Egileen erantzukizuna da copyright edo erreprodukzio-eskubideek babestutako edozein material erreproduzitzeko beharrezko baimen guztiak lortzea.

Ebaluazio prozesua

Aurkeztutako originalek kanpoko kide anonimoen ebaluazio prozesu zorrotza jarraituko dute, itsu bikoitzarena alegia (PEER REVIEW SISTEMA). Prozesu honen bidez, ebaluatzaileen pribatutasuna eta independentzia, ebaluazio-epeak errespetatzea eta ebaluatzeari uko egiteko aukera bermatzen dira. Ebaluatzaileek eskuizkribuaren kalitate zientifikoari buruzko txosten arrazoitua egingo dute eta argitaratzea ala ez gomendatuko dute, Idazketa Batzordeak kontuan hartuko duena.

  • Euskera Ikerketa Aldizkariak protokolo-orri bat jartzen du ebaluatzaileen eskura, eskuizkribuen berrikuspen prozesua hobetzeko eta errazteko. Argitalpen gardentasunaren froga gisa, Euskera Ikerketa Aldizkariak protokoloa publiko egiten du egileek izango duten ebaluazioaren alderdiak ezagut ditzaten.
  • Ebaluatzaileek artikuluaren jakintza-esparruan ezagutza eta esperientzia izango dute eta lana aztertzeko ahalmena dutela uste badute, orduan soilik, bete beharko dute beren funtzioa. Ebaluazio-epeak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute. Ezezkoa gertatuz gero, aldizkariko idazkaritzari jakinaraziko diote ahalik eta epe laburrenean. Konfidentzialtasun-konpromisoa hartuko dute, prozesu osoan zehar ezin izango baitute artikuluaren edukia hirugarren bati ezagutarazi. Ebaluazio-prozesuarekin lotutako edozein galderatarako baimendutako solaskide bakarrak aldizkariko zuzendaria eta editoreak dira.
  • Ebaluazioa egitea onartu ondoren, ebaluatzaileek artikuluaren berrikuspen objektibo, tekniko eta eraikitzailea egingo dute. Berrikuspen-prozesuan ebaluatzaileen zeregina da: artikuluak aldizkariaren berrikuspen-politikaren ezaugarriak betetzen dituela egiaztatzea. Aldizkariko editoreak sortutako peer review formularioa bete behar dute, egileari eskuizkribua berrikusteko iruzkinak gehituz: lana argitaratzeko edota hobetzeko iradokizunak, hobekuntzak edo beharrezko oharrak. Halaber, editoreentzako isilpeko iruzkinak egin ahal izango dituzte: eskuizkribuaren kalitateari eta onargarritasunari buruzko beste edozein gogoeta, edo egileari helarazi nahi ez dioten edozein iruzkin.
  • Ebaluatzaileek euren txostenak entregatzeko epe bat izango dute, eta horiek errespetuzkoak eta eraikitzaileak izan beharko dira. Idazketa Batzordeak, bi ebaluazioak bat ez datozenean edota beharrezkotzat jotzen duenean, kanpoko hirugarren ebaluatzaile batengana jo dezake.
  • Kanpo ebaluatzaileen txostenak egileei bidaliko zaizkie, ager daitezkeen oharrak kontuan hartu eta moldaketak egin ditzaten. Azken bertsioa dagoenean, Idazketa Batzordeak erabakiko du, txosten horiek oinarri hartuta, argitaratu ala ez.
  • Egileak bere artikulua onartu edo baztertu den adierazten duen jakinarazpena jasoko du ahalik eta epe laburrenean. Aldi berean, argitaratzeko gutxi gorabeherako epearen berri eman daiteke. Azkenik, egileei gogorarazten zaie erabakiaren oinarria aldizkariarekiko duten egokitasunari dagozkionak direla: originaltasuna, garrantzia, kalitate metodologikoa eta aurkezpena edo estiloa.
  • Proben zuzenketa Idazketa Batzordeak bideratuko du edo egileari bidaliko zaizkio, eskatuz gero, aurrez zehaztutako epean itzuli ahal izateko. Epea betetzen ez bada, zuzenketak ez dira onartuko. Artikulua argitaratu ondoren, egileak aldizkariaren ale bat jasoko du gutxienez, eta bertsio digitala.