Euskera Ikerketa Aldizkaria 2026, 71, 2
Urteko bigarren zenbaki honetan, irakurle, askotariko gaietan sakontzeko aukera izango duzu. Zenbait ikerketa-artikulutan euskararen erabilera aztertzen da, hainbat ikuspuntutatik. Lehenean, Gipuzkoako harrera-egoitzetan haur eta nerabeekin egindako esku-hartze soziohezitzaile baten emaitzak aurkezten dira, hizkera informalaren, eleaniztasunaren eta aisialdi antolatuaren arteko harremanean sakontzeko; bigarrenean, euskal hiztunek zenbait ahoskeraren gainean dituzten uste eta iritziek hizkera-mailaren araberako ahoskera-aldakortasunean duten eragina aztertu da; eta hirugarrenean, euskara-erdara kode-alternantzia erabiltzen ez duten edo erabili ohi ez duten euskaldunak nolakoak diren azaldu du. Bigarren multzo batean, hezkuntzarekin lotutako bi artikulu daude: batean, euskararen erabilera eta pedagogia berritzaileak parez pare jarri eta haien arteko lotura aztertu du, behaketak, elkarrizketak eta dokumentuen analisia oinarri hartuta; eta bestean, Lehen Hezkuntzako ikasleen idazmenaren garapen linguistikoa eta horrek eskolako kalifikazioetan duen eragina modu automatizatuan aztertu ditu, euskararen berezkotasunak kontuan hartuta. Literatura ere landu da zenbaki honetan, euskal poesian idazle emakumeek azken mende erdian izan duten tokiari heldu baitio, zenbakiek islatzen dutenean oinarrituta. Horrez gain, bada XIX. mendearen amaieran euskarazko kazetaritza informatiboaren hastapenei erreparatu dien lanik ere. Amaitzeko, Nafarroako Bortzirietako herritarrek eta migratzaileek euskarari buruz dituzten pertzepzioak dira mintzagai, hizkuntzen markaren ikuspegitik.
Bi ohar ere argitaratu dira zenbaki honetan, eta bi-biek 2026ko ekainaren 11n Bilbon egin zen Euskorpora Summit 2026 jardunaldiaren berri ematen digute. Horrela bada, hasteko, jardunaldiaren kronika laburra jaso, eta, jarraian, jardunaldian egindako ekarpen zientifikoa xehatu da.
Azkenik, Els fundadors liburuaren aipamena egin da. Izan ere, egilea katalanez pentsamendu intelektual propio eta humanista garatzea helburu duen liburu hori euskal kulturaz eta europar zibilizazioaz gogoeta egiteko oso baliagarria izan dakigukeelakoan dago.

