Euskara H2 goiztiarraren ezaugarrien bila: adizkiak eta gramatika-kasuak haurren ipuin-kontaketetan
DOI:
https://doi.org/10.59866/eia.v2i54.244Gako-hitzak:
Hizkuntzaren jabekuntza goiztiarra, ipuin-kontaketa, aditz-morfologia, kasu gramatikala, absolutiboa, datiboa, ergatiboa, H1, H2gLaburpena
Ikerlan honetan bi haur-talde elebidunen, alegia, euskara lehen hizkuntza (H1) edota euskara bigarren hizkuntza goiztiardunen (H2g) ipuinetan agertzen diren adizkietako pertsona eta numero komunztadura-markak aztertu dira, eta baita aditzaren subjektu (s), objektu zuzena (OZ) eta zehar objektu (ZO) argumentuak diren izen-sintagmetako gramatika-kasuak ere, bi helburu zehatzekin: a) ea bost urteko bi haur-taldeak helduaren eredura modu berean hurbiltzen diren ikustea; eta b) H2g taldean sei hilabeteko tartean bildutako bi laginetan, bost urte eta bost urte eta erdiko adinen artean alegia, garapenik ageri den aztertzea. Oro har, H1 eta H2g alderatuta, adizki jokatuetan egiten dituzten huts-kopuruen artean alderik ez badago ere (%10 inguru), kualitatiboki badaude aldeak. H2gko bi laginen artean ere huts orokorren maiztasuna berdintsua bada ere (%10 inguru), huts gutxiago aurkitu dira sei hilabeteren buruan egindako bigarren saioan, adizki eta testuinguru “zail” direlakoetan. Kasu gramatikalen erabileran, berriz, H1 eta H2gren arteko aldeak nabarmenagoak dira. Ergatiboa erabiltzen duten kasuetan helduek bezala erabili ohi dute H1 taldeko haurrek, eta bi saioetan H2gekoek. Datiboaren ekoizpena ia beti zuzena da H1ekoen kasuan, eta H2gkoek huts gehixeago egiten dituzte, lehen saioan batez ere. Absolutibokotzat hartu izan den zero markaren erabileran nabari da alde handiena H1 eta H2garen artean, H2gkoek beste kasu batzuen ordez erabili baitute sarri; gehienetan ergatiboaren ordez. Aztertutako datuek erakusten dute izen-sintagmetako kasu- markatzearen jabekuntza ez datorrela bat, denboran, adizkietako kasu-komunztadura marken jabekuntzarekin, bereziki ergatiboaren kasuan.