Birformulazio eta birformulatzaile esplikatiboak hizkera juridikoan
DOI:
https://doi.org/10.59866/eia.v57i3.177Gako-hitzak:
birformulazioa, birformulatzaile esplikatiboak, diskurtso markatzaileak, hizkera juridikoa, testu akademikoak, lege testuak, alegia, hau da, hotsLaburpena
Ikerlan honetan ‘birformulazioa’ eta ‘diskurtso juridikoa’ aztergaiak uztartu ditugu. Zehatzago esanda, euskarazko diskurtso juridikoan azalpenezko birformulazioak zernola-ko pisua duen eta birformulatzaile esplikatiboak (alegia, hau da, hots...) nola erabiltzen diren ikertu dugu. Artikuluaren lehen atalean ikerlanaren nondik norakoak aurkeztu ditugu. Bigarren atalean, birformulazioa zer den, nola gauzatzen den eta zer egitura duen azaldu dugu; orobat azaldu dugu zein diren birformulazio mota nagusiak eta zein diren euskarazko birformulatzaile nagusiak. Hirugarren atalean, corpus zabal batean oinarriturik, estatistikoki eta kualitatiboki aztertu da nola erabiltzen diren hizkera juridikoan (lege testuetan eta testu akademikoetan) eta hizkera orokorrean birformulatzaile esplikatiboak. Laugarren atala, azkenik, ondorioei eskainita dago: azalpenezko diskurtso juridikoan (testu akademikoetan, bereziki) maiz jotzen da birformulaziora eta birformulatzaile esplikatiboak erabiltzera; egiaztatu dugunez, birformulatzaile jakin batzuk dira erabilienak eta haien agerpen maiztasuna aldatu egiten da alorraren arabera eta generoaren arabera; bestalde, birformulatzaile esplikatiboen agerpena eta eginkizun diskurtsiboak aldatu egiten dira testu motaren arabera (hots, lege-testuetatik testu akademikoetara).